KOLABORAZIOA | Arabar gutuna

26.05.2021

Julen Pagazaurtundua González

Kirikiñotar horiei:

Jakin ezazue, aurreko belaunaldietako euskaltzaleengandik jasotako lekukoa eskuan dugularik, eskualdean hasieratik ezarritako helburu nagusienetako bat lortzen ari garela, nerabe eta gazte aiaraldearrak euskaratik urrun mantentzeko ahaleginak aspaldi hasi baitziren fruituak ematen. Bejondeigula!

Orain arte bezala, jarrai dezatela pentsatzen euskara, astelehenetik ostiralerako eskola-orduetara mugatu beharreko hizkuntza hori, esparru akademikoan baino ez dela erabilgarria. Derrigortu ditzagun euskaraz mintzatzera eta jo dezatela nahitaezkotzat, baina goizeko 09:00etatik arratsaldeko 17:00etara soilik, tarteka-marteka, disimulatzeko, Euskararen egunean edo Euskaraldian parte-hartzera behartu ahal baditugu ere. D ereduan izena eman arren, senti dezatela euskarak ez duela praktikotasunik, hau da, ez dutela ezertarako behar izango. Kar, kar, kar! (Pelikuletako bilauaren barrea).

Badakizue adin tarte horretan ez daukatela inongo interesik, edo fundamentuzkorik ez behintzat. Ezinbestekoa da haiei ez galdetzea, badaezpada. Ez dezatela euskaraz aritzeko bestelako zirrikiturik aurkitu. Zuok, guraso, irakasle eta adituok, duzue aginte-makila, eta inork baino hobeto dakizue zer behar duten eta zer ez. Segi bide beretik, nerabe eta gazte euskaldunik gabeko Aiaraldearen alde beti.

P. D. Egon trankil, hogeitaka urtetik beherako inork ez baitu hau irakurriko. Gogoratu nerabe eta gazteek ez dutela irakurtzen, eta are gutxiago euskaraz idatzia bada. Dena kontrolpean, beraz.

el pagasha