Zer da Kirikino aisialdi taldea?

1984an Laudioko gazte batzuk, bestelako aisialdi eskaintza bat sustatzeko asmoarekin sortu zuten Kirikino Atseden Taldea Elkartea. 

Ibilbide oparoa izan du geroztik eta Aiaraldeko eta Euskal Herriko txoko ezberdinetan antolatu ditu jarduerak.

Udazkenean baina, zuhaitzetako hostoak jauzten diren bitarean, haziak ereiteko une egokia izaten da baita ere. Era horretan, 2018ko udazkenean, taldeko kideak, hausnarketa prozezu batean murgildu ginen, unera arte abian genuen proiektua, bizi genuen egoerara egokitzeko asmoz.

...eta bai, 2019ko udaberria heldu zen, eta gure inguruko zelaiak lore ederrez bete ziren, tartean, Kirikino Atseden Taldearen proiektu berritua.

Hezkuntza ez-formalean 34 urteko ibilbidearekin, ipar orratzak hartu eta norabide berriak zehazteari ekin genion, gure usterako hezigarriagoa den aisialdi eredua aurkitu arte.

Gauzak hala, elikaduraren prozesu guztia hurbiletik jarraituko zuen adar bat garatu genuen, zeinetan, ortu bati esker, erein eta landatu dezakegun. Baratzetik jasotako barazki eta frutak sukaldera eramaten ditugu eta bertan, sukaldatu ostean jateko. Hori horrela, baratzera txangoak eta sukaldarita tailerrak burutzen ditugu.

Gainera, hilabeteko bigarren larunbat goizean, Laudioko plazan izaten den tokiko ekoizleen azokan, haurrentzako espazio bat prestatzen dugu, Basalarrinako kideekin batera.

Proiektuaren berrikuntza ez da soilik elikadurara mugatzen, eta ikuskizunen adarra ere diseinatu genuen. Honekin batera, zinema proiekzioak, antzerki saioak eta ipuin kontaketak uztartzen dituzten saioak aurki datezke adar honetan.

Kirikino irratia egitasmoa ere abian da 2019ko azarotik, haur, gazte eta familiei zuzendutako irratsaioak dira, euskararen erabilera areagotzeko eta inprobisazioa lantzeko helburuekin. Azken hau, duela urte batzuk Kirikinok, Uhinak irratian (Aiaraldeko herri irrati librean) egiten zituen saioetan ditu sustraiak.

Proiektua borobiltzeko, egonaldiak ere antolatzen ditugu, elkarbizitza (beste helburu eta balore askorekin batera) lantze aldera. Hauek itxiak nahiz irekiak, edo egun bateko txangoak izan ohi dira.

Proiektua bideragarria izan dadin, bazkideak ere behar ditugu. Dagoeneko 60 gara!

Hauek, urtean zehar, onura ezberdinak jasotzen dituzte proiektuko kide izateagatik. Bazkidetza-mota ezberdinak ditugu, horren arabera ekarpen ekonomikoa egiten da.

Ondoan duzuen bideoan azalduko dizuegu hobeto:

Bazkide izan nahi dut!

Kirikinoko bazkideei esker egiten du aurrera gure proiektuak. Komunitate baten babesa ezinbestekoa baitugu egunerokoan. Baita ere, bazkideek egiten duten ekarpen ekonomikoa. Dena ez da eman ordea, bazkideek honako onuretaz gozatzen dute:

  • Lehena eta garrantzitsuena, komunitate eder baten parte izatea.
  • Informazio guztia sakelako eta posta elektroniko bidez jasoko duzue.
  • Kirikinok antolaturiko jardueretan deskontuak izango dituzue.
  • Kirikinok antolaturiko jardueretan izena ematerakoan lehentasuna izango duzue.
  • Kirikinoren hiruhilabetekaria etxeko postontzian jasoko duzue, urtean 4 aldiz.
  • Bazkideen arteko zozketetan parte hartuko duzue.
  • Bazkide izateagatik Kirikino aisialdi taldeak urtero egiten duen oparia jasoko duzue.

Urtean, 20€ko prezioa du bazkidetzak, eta gehienez 5 kide bazkidetu ahal izango dira. 

Zalantzak dituzu?

Jar zaitez gurekin harremanetan eta kafe bat hartuko dugu.
Hemen aurkituko gaituzu:
izenemateakirikino@gmail.com helbidean edo 688726665 zenbakian