JARDUNALDIAK | Nerabeen parte hartzearen inguruko jardunaldiak antolatu ditu Oinherrik Faktorian urriaren 16rako

04.10.2021

Nerabeen parte hartzea izango dute ardatz datorren urriaren 16an Oinherri -Herri Hezitzaileen sareak- Aiaraldea Ekintzen Faktorian.

Nerabeek jendarte honetako herritar talde konplexu, anitz eta ezezagunenetako bat osatzen dute. Haurtzaroa atzean utzita oraindik heldu gisa hartzen ez ditugun honetan sarri gertatzen zaigu helduoi nerabezaroa ulertzeko zailtasunak izatea. Eta jakin badakigu ezagutzen ez dena, ezin dela zaindu.

Oinherri Herri Hezitzaileen Sarean udalerri ezberdinekin egindako bilera errondetan sarri errepikatu den kezka da nerabeen partehartzea sustatzeko ezintasuna edo bide horri ekiteko modu egokien ezjakintasuna.

Kezka handia da herrietan. Gaztelekuetan edo gazteekin egindako dinamika ezberdinen inguruan bizikidetza arazoak edo kexak sortzea oso ohikoa da, nerabeek gauzak puskatzen dituztela, inguruak zikintzen dituztela edo zarata ateratzen dutela argudiatuz adibidez. Dinamika hauek kudeatzen dituzten hezitzaile, elkarte eta instituzioak beraz, egoera konplikatuan aurkitzen dira kasu hauetan, bi suren artean baleude bezala. COVID-19aren pandemiak sute hauek areagotu ditu eta ekologistek sarri esan hoi duten bezala; suteak ekiditeko suhiltzaileen lana bezain garrantzitsua izan ohi da, aurrez basozainek egindako lana. Gazteen gaian ere, suhiltzaile eta basozain lanak biak konbinatu behar ditugula uste dugu Oinherritik.

"Noiz eta zergatik parte hartzen dute nerabeek?" jardunaldi hau behar hauei erantzuten hasteko bide baten hasiera edota jarraipena da.

Egitarau oparoa

9:30-10:00 - Harrera
10:00-10:15 - Oinherriren kokapena
10:15-11:00 Jaume Funes - Nerabezaroaren kultura sakoneago ezagutzeko hitzartzea. Nerabezaroaren ezaugarriak.
11:00-11:30 Leire San Vicente - Nerabeekin parte hartzea lantzerakoan kontutan hartu beharreko gakoak. Zer da parte hartzea? Nerabeentzat gauzak egitetik nerabeekin egitera?
11:30-12:00 Atsedenaldia
12:00-13:30 Esperientzia ezberdinen mahaingurua:

  • Gazte Agora
  • Pasaiako parte hartze egituraren inguruko esperientzia
  • Drakum - Donostiko gazte migratuei babesa eta laguntza emateko elkartea.
  • Asteasuko Udalak Arremanitzen bidelaguntzaz sustaturik prozesua.

13:30-14:00 Klownklusioak - Beatriz Egizabal
14:00-15:30 Bazkaria
15:30-17:30 Beldur Txouua antzezlana - Drakonte, Txou-aren aurkezle eta "beldurtxo"en gobernadore, gure barrenak dantzan jartzeko asmoz dator! Guztiz ez bada ere, ia osotasunean, UMOREtik landutako sortze prozesua izan da. Antzezlanak, gure beldurrak, kuttunak eta eramangarriagoak izan daitezen lagundu digu. Bizibidean nekez oztopatzen gaituzten beldurrei, eraldatzeko aukera eman diegula erakutsi digu!

Informazio hau Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu https://herrihezitzailea.eus/ webgunetik hona.