IPUIN JAIALDIA | Ipuinen jaialdia antolatu du Badaiako lorategi botanikoak

22.07.2021

Festipuin jaialdiaren lehen edizioan lau ipuin-kontalari arituko dira, uztailaren 24an eta 25ean, Trespondeko lorategian. 

Badaiako Santa Katalinako lorategi botanikoak Festipuin izeneko ipuinen jaialdia antolatu du uztailaren 24an eta 25ean. Jaialdian izango diren ipuin-kontalariak lorategiaren toki desberdinetan kokatu dira, kontakizun bakoitzaren edukiarekin lotuta. Larunbatekoa egun osoko jardunaldia izango da, eta igandean, berriz, eguerdira arte izango dira ipuinak lorategian.

Larunbatean, 11:00etan, izango da ongietorria. Ondoren, ipuinen jatorria eta sinbologiari buruzko azalpenak emango dizkie Arantza Corderok parte-hartzaileei. Goizeko eta arratsaldeko saioetan Mar Gonzalez Novell ipuin-kontalari katalanak Libros: Guardianes de la naturaleza liburuarekin parte hartuko du; Iñaki Carreterok Agua, fuego aire y tierra: Amalurra aurkeztuko du; eta Ane Gebarak Inguruko egi eta gezurrak eramango du lorategira. Igandean, berriz, Novell eta Carreterorekin batera, Aitor Vinagret izango da Otsoaren mokaduak ipuinarekin.

Jaialdiarekin batera, umeentzako tailerrak egingo dira lorategian, historiak sortzeko eta marrazteko.