Ikasturte berriko eskolaz kanpokoak: sukaldaritza, baratzea, buztin tailerra eta bertso eskola

22.09.2023

Ikasturte berrian murgiltzen goazen honetan, Kirikinok eskolaz kanpoko eskaintza berriaren proposamena luzatu du, bi berrikuntzarekin: adin desberdinetarako buztin tailerra eta haurrentzako bertso eskolarekin.

Buztin tailerra
Hilabetean larunbat goiz batean, Laudioko Basoa espazioan buztina lantzeko tailerra landuko da adin guztietarako, haur, gazte eta helduentzako zuzendutako klaseak izango dira. Buztina eskuz eta tornoan lantzeko aukera egongo da. Larunbat goizetan 11:00-12:30 bitarte izango dira saioak. Partaideek, klaseak posible izan daitezen 5€ko ekarpena egin beharko dute hilabetero. Egutegia, behean.

Haurrentzako bertso eskola
Arabako bertsozale elkartearekin elkarlanean, lehen hezkuntzatik gorako haurrei zuzendutako bertso eskola antolatuko dugu astero saio batekin. Saioaren eguna eta ordutegia partaideek erabakiko dute, lekua ordea, Laudioko kultura etxea izango da. 

Egitasmoa finantzatzeko, 10€ko ekarpena egin beharko dute hilabetero partaideek.

Sukaldaritza tailerrak
Hilabetean larunbat eguerdi batean, Laudioko Basoa espazioko sukaldean baratzean jasotako produktuak sukaldatzeko tailerrak egingo ditugu 12:30etatik 15:30ak bitarte sukaldatu eta bertan sukaldatutakoaz gozateko bazkaria izango da partaideen artean. Lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako haur eta gaztetxoentzat zuzendutako tailerrak izango dira.
Partaide bakoitzak hilabetean 10€ ordaindu beharko ditu, Kirikinoko bazkidea bada, bestela 12€ izango dira.

Baratze tailerrak
Hilabetean larunbat batez, 16:00etatik aurrera, baratze tailerra egingo da Kirikinoren Ellakuri auzoko baratzean, ohikoan bi orduko saioak izango dira eta doakoa izango da parte hartzea, baina ezinbestekoa izango da izena ematea. Adin guztietarako zuzendutako saioak izango dira.

Izen ematea

Jardueretan parte hartzeko, mezu bat bidali beharko da izenemateakirikino@gmail.com helbidera, urriaren 8ra bitarte.

Buztin, sukaldaritza eta baratze tailerretako egutegia:
  • Urriak 21
  • Azaroak 18
  • Abenduak 2

Gainerako saioen datak aurrerago jakinaraziko dira.