Errigorako saskia azaroaren 11ra arte eskuratu ahal izango dira

08.11.2021

Herriak egiten du herria leloa izango du 2021eko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainak. Urriaren 23tik azaroaren 11ra luzatuko den auzolan-ariketa erraldoi honetan Nafarroa hegoalde eta erdialdeko -alegia, Agerreko- produktuz osatutako 3 saski eskainiko dira eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.

Errigoraren ibilbide laburra herrigintza ariketa ederra izan da; herriak herriari eginiko ekarpen xume bezain inspiratzailea. 2013tik 1.400.000 euro baino gehiago bideratu ditugu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera. Eta, aldi berean, diru-ekarpen hori sortzeko bidea elikadura-burujabetzara pausuak emateko baliatu dugu.

Bide horretan, herrilana izan dugu lanabes. Txikitik handira apustu eginez eta inori konturik eskatu gabe, nork bere ahal eta gogoaren arabera egindako ekarpen askotarikoak batzeko gai izan gara eta, herritarrak kontsumitzaile edo erabiltzaile huts bihurtu diren garaiotan, auzolanaren balioa eta baliagarritasuna frogatu dugu.

Agerraldiaren sorrera norabide berean emandako pausu berria da. Izan ere, denbora gehiegi joan zaigu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean aldaketaren zain, egun seinalatu batean euskararen arazoak zerutik eroritako soluzio magiko batek konponduko balitu bezala. Herritarrok ekarri ezean, aldaketarik ez dela helduko sinetsita sortu dugu, hain zuzen, Agerraldia. Bere garaian erromatarrek ager vasconum izendatu zuten eremua berreuskaldundu nahi duten herritar guztiak saretu eta mugimendu ekintzaile bat sortzeko. Izan ere, bokazio praktikoa du Agerraldiak: egiteko eta eginarazteko sortu da; instituzioen utzikeriaren edo, are, eragozpenen aurrean, herri-ekimena nagusitu dadin, euskararentzat aro berri bat zabaltzeko.

Kirikinotik ere herria egiteko konpromezua

Aisialdi elkarteko kideok herria egiten jarraitzeko konpromezua dugunez, hemendik eta abenduaren 31ra bitartean taldera bazkidetzen diren lagunen edo familien artean errigorako saski beltz bat zozketatuko dugu.

Bazkide izateak hainbat onura eskaintzen dizio bazkidetzen den pertsona edo familiari, baina garrantzitsuena, euskararen komunitate txiki hau hasupotzen jarraitzea da.